Urduñako Udala

 

Salbada mendizerraren magalean kokatuta, Bizkaiko hiri bakarra dugu Urduña eta Bilbotik 40 bat kilometrora dago.

Aire librean hainbat kirol egiteko aukera eskaintzen digu ingurune naturalak. Bisitariek ibilbide ugari egiteko aukera izango dute (oinez edo bizikletaz) Salbada mendizerra osatzen duten mendietako batzuetan: Tologorrin, Txarlazon edo Solaieran, esate baterako. Horrez gain, pilotan eta golfean jokatzeko eta espeleologian aritzeko aukera ere izango dute bisitariek. Abentura gustuko dutenentzat oso leku egokia da, eta, are gehiago, zirrara berriak probatu nahi dituenarentzat; izan ere, parapentez eta delta hegalez ibiltzeko ikastaroak antolatzen dituzte. Hala, ausartzen denak Urduñaren edertasuna eta xarma goi-goitik ikusi ahal izango ditu.

Halaber, inguruotan, Nerbioi ibaiaren iturburua ikusteko aukera aparta dugu. Santiago mendian dago, Urduñako portua igota, eta, han topatuko dugun begiratokitik, ur-jauzi ederra agertuko zaigu begi-bistan.

 

Udalerri mugakideak:

•    Mendebaldean: Junta de Villalba de Losa, Berberana (Burgos) eta Aiara.
•    Iparraldean: Aiara eta Amurrio.
•    Ekialdean: Amurrio eta Urkabustaiz.
•    Hegoaldean: Amurrio.

 

Demografia:

Urduñako biztanleria 4057 pertsonakoa da.

 

Ondarea eta Historia:

Hiribilduak 1997an multzo historiko-monumental izendatutako hirigune historikoa du bereizgarri. Interes historiko eta kultural handia duten monumentu asko nabarmentzen dira bertan. Eraikin erlijiosoen artean, XV. mendean egindako Santa Maria eliza gotikoa, Familia Santuaren eliza barrokoa eta herriko zaindariaren irudia hartzen duen Andra Mariaren Santutegia azpimarratzekoak dira.


Bestalde, estilo askotako jauregiak aurki ditzakegu Urduñan, eraikin errenazentistak eta barrokoak tartean. Ortes Belasco, Mimenza, Diaz Pimienta eta Belasco jauregiak aipatuko ditugu, besteak beste. Horrez gainera, herria inguratzen zuen harresia ere ikustea merezi du. Antzina, 1,8 kilometro izan zituen luzeran, eta, egun, harresiaren %65 dago zutik. Halere, Bizkaiko hiri horretako etxe eta jauregi askok harresiaren zatiak baliatu zituzten eraikin horien horma gisa erabiltzeko. Santa Maria elizaren inguruotan ikus daiteke harresiaren zati bat.

Ezbairik gabe, Foru plaza da hiriko txoko esanguratsuenetako bat. Aduana XVIII. mendearen bukaeran egindako eraikin neoklasikoa eta udaletxea aurki ditzakegu bertan.


Jaiak:

Bestalde, Urduñan ospatzen diren jaiei dagokienez, Bihotza izeneko pertsonaia protagonista duten "Otxomaioak" eta Aste Santuko ospakizunak dira ezagunenak.

 

Kontaktu Datuak:

Helbidea

Foru plaza 1
48460 URDUÑA-ORDUÑA (Bizkaia)

Kontaktua

Tel.: 945 383 003
Fax: 945 383 445

Website

www.urduna.com

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25