Fecha de Publicación: 20/07/2015
Karobien ke zurixka XX. mendearen erdirantz itzali zen. Dena dela, duela hogei urte Gorbeia mendiaren magalean kokaturik dagoen San Justoko karobia berreskuratu eta karea antzinako erara egin zuen Ipizki Taldeak. Ordutik, abuztuko lehenengo asteburua karegintzaren gune bihurtu da Zeanuriko (Bizkaia) Otzerinmendi auzunea. Aurten ere, abuztuaren 1ean eta 2an kareharria, egurra eta sua bilduko dituen labea ketan ikusteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.
Azken hemeretzi urteetan egin duten bezala, Juan eta Julian Aranak piztuko dute San Justoko karobia abuztuaren 1ean, zapatuan, goizeko 11:00etan, eta urteetan zehar ahaztuta eta itzalita egon zen ke zurixka San Justoko haritzen artean igoko da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Igande eguerdirantz, kare bizia oka egiten hasiko da labe-ahoa.
Aurten ere abuztuko lehen asteburuan Zeanuriko (Bizkaia) Otzerinmendi auzuneko San Justo baseliza ingurura hurbiltzen direnek jadanik desagerturik dagoen karegintzaren gorabeherak ezagutzeko aukera izango dute Ipizki Taldearen, eta Juan eta Julian Arana anaien eskutik.
KAROBIA PIZTEKO EKITALDIA
Eguna: abuztuaren 1ean, larunbatean.
Ordua: goizeko 11:00etan, Juan eta Julian
Aranak piztuko dute karobia.
Zer egiten da: karobia egurrez betetzen da, gainean kareharria jartzen zaio eta piztu egiten da. Bertara hurbiltzen den jendeak prestaketa lanetan parte hartzeko aukera izaten du.
Hamaiketakoa: Karobia piztu ondoren, San Justora hurbildu direnen artean hamaiketakoa banatuko da: urdaia eta pamitxea.
Informazio gehiago: gurekin harremanetan jartzeko 653016117 / 630927576
www.ipizki.com
KAROBIA 2015 (.pdf 3,74 MB)