Dirulaguntzak

 

Gorbeialde, Gobernua eta Diputazioarekin landa garapen sailean lankidetzan dagoen agentea da. Honek, diru laguntzen gestiorako dekretuetan laguntzen duelarik. Laguntza hauek urtero ateratzen dira hilabete bateko epearekin eskaeren aurkezpenerako.

Bertan, landa garapen guneetara bideraturiko laguntza iturri nagusi aurki ditzakezu. Gorbeialdeko bulegoan laguntza hauen inguruko edozein zalantza argitu edo eskaerak egin daitezke.

 

EREIN PUBLIKOAK:

Laguntza hauen xedeak dira landa-eremuetako biztanleen bizi-kalitatea hobetuko dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak eskuratzen laguntzea; enplegua sortzea, edo deialdi honen xede diren landa-inguruneetan turismoa bultzatzea.

Laguntzaren xedea da inbertsioak sustatzea mota guztietako azpiegitura edo zerbitzuak sortu, hobetu edo handitzeko, jarduketa hauen esparruan:
a) Energia elektrikoa eta gasa hornitu eta kanalizatzearekin zerikusia duten oinarrizko azpiegiturak.
b) Ur-hornidura eta -saneamendurako oinarrizko azpiegiturak (azpiegitura berriak soilik lagunduko dira diruz, eta 300.000 euroko dirulaguntza izango da gehienez).
c) Energia berriztagarriekin eta energia aurreztearekin zerikusia duten azpiegiturak: energia berriztagarriak eta district heating sortu eta hornitzeko proiektuak.
d) Turismoari lotutako eskala txikiko azpiegiturak.
e) Biztanle-guneak egokitzearekin zerikusia duten azpiegiturak, biztanleak dituzten ingurune hondatuak lehengoratzea eta haien hirigintza egokitzea xede dutenak: irisgarritasuna, lorategiak jartzea, argiteria eta hiri-altzariak.
f) Oinarrizko zerbitzuentzako proiektuak: eguneko zentroak eta pertsona nagusientzako erresidentziak, haurreskolak eta farmaziak/botikak.
g) Aisia, kultura eta kirolarekin zerikusia duten zerbitzuentzako proiektuak: kultur-etxeak, liburutegiak, erabilera anitzeko zentroak, kirol-ekipamenduak eta/edo aisialdikoak.
h) Turismoarekin zerikusia duten zerbitzuentzako proiektuak: interpretazio zentroak/museoak eta turismo-bulegoak.
i) Ekipamendu komunitarioetan irisgarritasunarekin zerikusia duten proiektuak.
j) Hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten proiektuak.
k) Enpresa-ekimenen egoitza izan daitezkeen industrialde txikiak eta eraikinak edo lokalak atontzeko proiektuak.

 

EREIN PRIBATUAK:

Laguntzaren xede izango dira inbertsio-modalitate hauek, Euskal Autonomia Erkidegoko G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuetan enpleguari eusten edo hura handitzen laguntzen dutenak eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortu eta garatzeko egiten direnak.

Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak:

1.– Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortu edota garatzeko proiektu oro, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak eta landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak, baina nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, betiere:
– Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, lokalak eta instalazioak, askotariko helburuak dituztenak, besteak beste, makineria konpontzea; honelako gauzak ekoitzi edota sortzea: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-hornikuntzako enpresak, estolderia eta hondakin deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak.
– Turismoarekin, landetxeekin eta nekazaritza-turismoarekin, turismo-zerbitzuak ematearekin, denda, jatetxe, tokiko eskaintza eta elikadurarekin lotutako proiektuak.
– Zerbitzuak ezarri eta eskaintzearekin lotutako proiektuak:
– Zerbitzu tekniko hauek: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.
– Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei, besteak beste nekazaritzari edo basogintzari, edo landa-biztanleei: cateringa, bide segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak, parkeen kudeaketa.
– Gizarte-zerbitzuak, besteak beste, umeak eta adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko, desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko, eskola-ustiategiak.
– Aisia-, jolas- eta kirol-jarduerekin lotutako zerbitzuak.
– Eskulangintza eta eskulangileen jarduerak garatzeko proiektuak.
– IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.

2.– Enplegu-sorkuntza garbiko proiektuak.
– Besteren konturako langileak kontratatzea, aurretik inoiz enplegurik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan hitzartutako orduen % 50eko enplegu bat izan beharko da, gutxienez. Praktiketako kontratuak kanpo gelditzen dira.
– Jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak instalatzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.

 Gorbeialdeko proiektoak EREIN Programa

LEADER:

2015-2020ko aldirako EAEko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartu ziren Leader eremuko landa-inguruko udalerrien
ekonomia sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko laguntzak.

Deialdi honen xede dira jarraian zehazten diren lerro hauek:
a) Ekintzailetzarako laguntzak.
b) Enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko laguntzak.
c) Besteren kontura kontratatzeko laguntzak.
d) Leader herrietako azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak egin eta berritzeko laguntzak.
e) Etxebizitzarako laguntzak.

 Gorbeialdeko proiektoak LEADER Programa

LEHIATU BERRIA:

Nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak.

- Laguntzak nekazaritza-produktuak eraldatu, merkaturatu edo garatzeko inbertsioei eta laguntzak basogintzako produktuak eraldatu eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko; 2017ko otsailaren 14ko 43/2017 Dekretuan ezarritakora biltzen diren laguntzak dira (2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan aurreikusitako laguntzen araudi-esparrua ezartzen du).
- Laguntzak arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egiteko; 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 Erregelamenduaren eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren barruko 2014-2020ko aldirako Espainiako Arrantza Sektorerako Programa Eragilearen barruan daude.
- Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza- eta elikagaigintza-industrietan bestelako inbertsioak egiteko laguntzak, baldin eta aurreko ataletan ez badira sartzen.

 

LEHIATU SUSTAPENA:

Nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak.

Honako ekintza hauek sartu ahal izango dira dirulaguntza deialdi honetan:

A) Ekintza indibidualak. Jarduera hauek hartzen dira ekintza indibidualtzat:
1.– Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakusmahai indibidual edo partekatuetan.
2.– Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.
3.– Zuzeneko misioak egitea eta estatuz kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkezteko edo dastatzeko ekintzak egitea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak eta produktuen esportazioa areagotzeko.
4.– Alderantzizko misioak egitea: atzerriko erosleei edo iritzi-emaileei gonbitea egitea enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek.
5.– Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan sustapen ekintza zehatz eta espezifikoak egitea, produktuaren publizitatea eginez eta hura dastatzeko aukera emanez, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko.
6.– Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da; enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.

B) Sustapen-programak:
1.– Sustapen-programa datza gutxienez hiru herrialdetan A apartatuko sei jarduera jasotzen dituen plan edo programa integral bat egitean. Hortik kanpo geratzen da enpresari kanpoko zerbitzuak ematen dizkioten zerbitzu profesionalen kontratazioa, eskatzailearen produktuak sustatzeko programa garatzeko aholkularitzarako.
2.– Ez da dirulaguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan erakusmahai bat jarri badu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko erakundeek, eta erakunde horiek euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini badiete. Hala ere, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako erakundeei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.

 

SENDOTU:

Finantza-laguntzak nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapeneko sektoreetan maileguak bermatzeko eta finantza-kostuak murrizteko.

Bereziki, planteatzen diren laguntza-lerroak ondorengo hauek dira:
a) Finantza-laguntzen lerroa: bermeak emango zaizkie nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetako ETE kotizatu gabeek aurkeztutako arrisku-finantzaketako hasierako inbertsioen proiektuei. Laguntzok Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) hirugarren kapituluko hirugarren sekzioan daude jasota. Erregelamendu horrek laguntza kategoria batzuk Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu.
b) Finantza-laguntzen lerroa: bermeak emango zaizkie nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetako enpresek aurkeztutako inbertsio-proiektuei. Laguntzok minimis erregelamendu hauetan daude jasota: abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; eta ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Batzordearen Erregelamendua, arrantza- eta akuikultura-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.
c) Interes-tasen hobaria, finantza-kostua murrizteko, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren kontura, nekazaritza, arrantza, elikagai eta landa-garapenaren sektoreetako enpresentzako finantzaketa-lerroaren barnean. Laguntzok minimis erregelamendu hauetan daude jasota: abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; abenduaren 18ko 1408/2013 (EB) Batzordearen Erregelamendua, nekazaritza-sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa; eta ekainaren 27ko 717/2014 (EB) Batzordearen Erregelamendua, arrantza- eta akuikultura- sektorerako Europar Batasunaren minimis laguntzen funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluen aplikazioari buruzkoa.

 

MERKATARITZA-EKINTZAILETZA SUSTAPENA:

Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza-ekintzailetza sustatzera bideratutako laguntzak.

Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiri-inguruetan merkataritza-ekintzailetza sustatzeko emango diren laguntzak arautzea, honako laguntza-lerro hauen bitartez:
– Udalen lerroa: merkataritza-ekintzailetza sustatzeko jarduketak gauzatzea.
– Ekintzaileen lerroa: merkataritza-establezimendu berriak irekitzea.

 

EKITALDIAK:

Landa- eta itsasertz-eremuak dinamizatzeko gizarte-ekitaldietarako  laguntzak iragartzen dituena minimis araubidearen barnean.

Agindu honen xedea da gizarte-ekitaldiak sustatzeko laguntzak bideratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan landa- eta itsasertz-eremua dinamizatzeko, betiere honako helburu hauek lortzen laguntzen badute:
a) Sektore pribatuaren eta publikoaren partaidetza sustatzea landa- eta itsasertz-eremuko gizarte-ekitaldiak finantzatzeko orduan, eremu horiek dinamizatzeko.
b) Gizarte-ekitaldi berriak sustatzea eta landa- eta itsasertz-eremuan inpaktu positibo esanguratsua dutenak finkatzea.
c) Inpaktu ekonomikoa sortzea jarduera-eremu horretan.

 
 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25