Zeanuriko Udala

 

Gorbeia (1.481 m) mendiaren babesean, han-hemenka dauden landa giroko baserriek osatzen dute Arratia eskualdeko herri txiki hau. Ezbairik gabe, Gorbeiako Parke Naturalak bihurtzen du Zeanuri erakargarri. Herriko lur gehienak natur gune paregabean daude; halere, bertako ondare historikoa ere nabarmentzeko modukoa da.

Zeanuri ederto kokatuta dago eta bisitariak naturaz gozatzeko aukera aparta du bertan. Herria Gorbeiako Parke Naturalaren barruan dago: paisaiaren eta faunaren (oreina da animaliarik adierazgarriena) aldetik, balio handiko natur gunea dugu eta horrekin batera, mendizaleek gogoko dituzten gailurrak aurki ditzakegu han, Gorbeia mendi mitikoa tartean.

Hala, hainbat mendi-irteera egiteko abiapuntu aproposa da Zeanuri. Leku zoragarriak aurkituko ditugu inguruotan; Saldropoko heze gunea dugu horietako bat. Bisitariak interpretazio zentro bat eta zerbitzu asko dituen aisialdirako gunea aurkituko ditu. Egun pasa joateko leku ezin hobea da eta Barazar gainetik iritsiko gara bertara.

 

Udalerri mugakideak:

•    Iparraldean: Dima
•    Ekialdean: Dima
•    Ipar-mendebaldean: Areatza
•    Mendebaldean: Orozko.
•    Hegoaldean: Ubide y Zigoitia

 

Demografia:

Zeanuriko biztanleria 1203 pertsonakoa da.

 

Ondarea eta Historia:

Erdigunean baserri kopuru gehien duen Bizkaiko herrietako bat dugu Zeanuri. Herri arkitekturaren adierazgarri dira baserriok, udalerriko ondare oparoaren adibide bat. Herrian barrena ibilaldia Andra Mari XVIII. mende erdialdeko elizan hasiko dugu. Hiru nabe, bost aldare, korua eta dorrea ditu tenplu ederrak. Horrez gainera, erlijio arkitekturaren barruan, Ipiñaburuko Santiago parrokia (1551. urtekoa) eta auzoetako baselizak azpimarratzekoak dira.

Halaber, badira ikusteko moduko beste zenbait eraikin ere; Akauri dorrea, Axpe jauregia eta udaletxea bera, esate baterako. Olabarri errotak eta San Justo karobiak ere gure arreta piztuko dute. Errota eraberrituta dago eta errotarien ogibide zaharra nolakoa zen azaltzen dute bertan. Karobia berriz, San Justo ermitaren ondoan dago, harizti eder batez inguratuta, Otzerimendi auzoan. Labea, geldirik dagoen arren, oso ongi gorde dute eta hala, urtero, abuztuko lehen asteburuan martxan jartzen dute.

 

Jaiak:

Maiatzak 15, Isidro Deunaren jaia eta abuztuak 15, Andre Mariaren Zeruratzea, Zeanuriko jai nagusia.

 

Kontaktu Datuak:

Helbidea

San Isidro kalea, 10
48144 ZEANURI (Bizkaia)

Kontaktua

Tel.: 946 739 146
Fax: 946 317 219
Email: ambengoetxea.zeanuri@bizkaia.org

Website

www.zeanuri-udala.org

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25