Otxandioko Udala

 

Otxandio Bizkaiko hego-ekialdean dagoen udalerria da, Arratia-Nerbioi eskualdean nahiz eta Durangoko Barruti Judizialean egon. Mendiz inguratuta eta Arabarekin muga egiten, Otxandio Bizkaiko herri ederrenetako bat dugu ezbairik gabe, arkitektura-ondareari dagokionez. Plaza nagusia da lurralde historikoaren hegoaldeko muturreko herriaren erdigunea eta aipatu dugun edertasun horren adierazgarri dugu, han topa baititzakegu herriko eraikin nabarmenenak: udaletxea eta Santa Mariñe eliza, Vulcanoren iturria eta kultur etxea ahaztu barik, noski.

Bestalde, oso ederra da Otxandio inguratzen duen paisaia. Izan ere, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen artean dago eta horrez gainera, udalerriko lur batzuk Urrunagako urtegiari dagozkio. Hala, uretako hainbat kirol egiteko aukera dugu han; arrauna, arrantza...

 

Udalerri mugakideak

  • Iparraldean Abadiño
  • Ipar-mendebaldean Dima
  • Ekialdean Aramaio (Araba)
  • Hegoaldean Legutio (Araba)

 

Demografia

Otxandiok 1.280 biztanle ditu

 

Ondarea eta historia

Monumentu nazional izendatu zuten 1742an eraikitako udaletxea eta Otxandioko eraikinik azpimarragarriena da. Harlanduz egina dago eta fatxadako hiru armarriak eta eguzki-erlojua dira eraikin honen ezaugarririk aipagarrienak. Santa Mariñe XVI. mendeko elizak berriz, dorre dotorea eta nabe errenazentista handia ditu. Handik gertu, kultur etxeak (XIX. mendekoa) eta Vulcanoren iturriak (suaren jainkoaren omenezkoa, errementaritzak herrian izan duen garrantzia gogora ekartzen du) bolatokiarekin eta frontoiarekin batera biribiltzen dute plaza horretako monumentu multzoa.


Plaza nagusitik kanpo, arreta deitzen duten hainbat etxe daude, Uribarrena kalean esaterako. Balio historiko handiko armarriak ikus ditzakegu bertan, eta baita antzinako ospitalea ere. Azken hori 1722an eraiki zuten herriko indiano batek (Ameriketan aberastu ondoren) emandako diru-laguntzarekin. Egun, zaharren egoitza da eraikin eder hori. Nabarmentzekoa da halaber, San Martin baseliza ere; hariztiz inguratutako baso batean dago eta soiltasun handikoa bada ere, balio historiko handia gordetzen du.

 

Jaiak

Santa Marinaren omenez ospatzen dituzte otxandiarrek jai nagusiak. Uztailaren 18an izaten da egun handia, herriko zaindariari eskainitakoa. Festok San Bernabe Mekoleta auzoko jaiekin eta abenduan antolatzen duten nekazal azokarekin batera osatzen dute herriko jai-egitaraua.

 

Kontaktu Datuak:

Helbidea

Plaza Nagusia, 1
48210 OTXANDIO (Bizkaia)

Kontaktua

Tel.: 905 456 325
Fax: 945 450 362

Website

www.otxandio.net

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25