Fecha de Publicación: 04/06/2014
“... Aita San Antoniok barriak egingo ditu” dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek.
Bagilearen 14an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunitateak autobus bat ipiniko dau. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be prestatu dira.
Egitaraua
Aurtengo errogatibea “Ondarea jaso eta jagon” lemapean egingo da eta kartelak Jon Urutxurturen argazki bat hartzen dau oinarritzat: Urkiolako Santutegia naturan batua. Ondare naturala giza ondarearen kabi.
Hamaikak baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira, 11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Arantzazuko parrokiak, aurtengo errogatibearen antolatzailea, lemeagaz bat datorren sinbolo bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratu diranei. Eta ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.
Igaz legez aurten be Arratiatik Urkiolara joateko ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da. Orain arte be Dimatik, Igorretik, Areatzatik... hainbat jende joaten izan da oinez Urkiolara, baina aurten Dimatik eta Zeanuritik abiatuz, ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da, holan, Arratia eta Urkiola lotzen dauzan bide klasikoetako bi ezagutzera emoteko. Urteereak Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da eta Zeanuriko plazan 07:30etan.
Aita Juan Jose eta Esteban abadeak gogoan
Meza amaieran Arratiako Eleizeak gogoan izango ditu aurten hil diren abade bi. Aita Juan Jose sakramentinoak urte asko egin ebazan gure artean. Esteban abadeak lau urte be ez, baina oso estimatua izan da. Esker onez gogoratuko dira abade biok aurtengo errogatibako mezatan.
Errogatiba 2014 Prentsa Oharra (.pdf 206,58 KB)