GORBEIALDEK GIDATUKO DU ARRATIA-NERBIOIKO HAMABI UDALEN NORABIDEA, TURISMO ALORREAN

Fecha de Publicación: 28/02/2013

 
Gorbeialde Landa Garapeneko Elkarteak Arratia-Nerboi eskualdeko 12 udalerriren turismo-alorra kudeatuko du aurrerantzean. Horretarako, egitamua eratu du, proposamen berriak landu eta turismoaren bidez garapen sozioekonomikoa bultzatzeko.
  • 12107_eu-gorbeialde-m.jpg
    Gorbeialde Turismo

Garaiotako egoera ekonomikoaz jabetuta, Arratia-Nerbioi eskualdeko hamabi udalek (Arakaldo, Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Galdakao, Lemoa, Orozko, Otxandio, Ubide, Ugao eta Zeanuri) aspalditxotik darabilte turismoa ustiatzeko asmoa, euren herrietako gizartea eta ekonomia bizkortzeko baliabide gisa.

Eta gogo horri eragiteko, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartearen esku utzi dute euren turismo-politika gidatzeko ardura. Hala, haren gidaritzapean, 2013a hasi eta berehala turismo-programa bat abiaraziko dute, honako lerro nagusi hauek dituena: plangintza estrategikoa, enpresen hobekuntza, turismo-produktuak garatzea eta turismo-helmugaren marketina.

Aipagarria da Galdakao, Ugao, Lemoa, Bedia eta Arakaldo udalerriek ere ekinbide honekin bat egin dutela, oraintsu arte turismoa euren gizarteak bizkortzeko baliabide gisa ustiatu daitekeela pentsatu ere egiten ez zuten arren.

«Turismoak baliabide ekonomikoak handitzea eta ongizatea hobetzea dakar, eta udalerri biziak eta dinamikoak sortzen ditu», adierazi du Iñaki Sáenz Gorbeialdeko teknikariak. Eta gaineratu du «asmo handiko ekinbide honekin dinamizazio turistikoa eta lan-jarduera bizkortzeko politikak» abiarazi nahi dituztela.

Proiektua elkarlanean egingo da, ahalik eta erakunde, gizarte eragile eta enpresa gehienen adostasunarekin. Eta kontsentsu zabal horretan oinarrituta diseinatuko dituzte bertoko ekonomia eta turismoa sustatzeko ekimenak.

Planak herriaren eta erakunde publiko eta pribatuen elkarlana abiarazteko balioko du, «eta modu berean, aukera turistikoei antzemateko, eta ostalaritza eta merkataritza dinamizatu lezaketen ekimenak antolatzeko», azpimarratu du Iñakik.

Hala, enpresa-sarea eta ekonomia arlo garrantzitsuenak aztertzea eta haien premiak zehaztea izango da hainbat administrazioren arteko hitzarmen honen lehen urratsa. Eta hurrengoak, jarduera eta lanpostu berriak sorraraz ditzaketen baliabide natural, kultural eta gastronomikoak ere aztertzea. «Herriok albo-alboan dituzte Gorbeia eta Urkiolako parke naturalak eta Bilboko inguru menditsua, eta beraz, turismo potentzial handia dute», gogorarazi du teknikariak amaitzeko.

Documentos relacionados:

PRENTSA OHARRA (.pdf 103,25 KB)

 

Deja un nuevo comentario:

Al dejar un comentario aceptas la política de protección de datos de Gorbeialde y la política de publicación de opiniones en el sitio.

 

Berriak

 

Landa Garapenerako Alkartea | Asociación de Desarrollo Rural | Gorbeialde
C/ Askatasun, 34-A · 48143 AREATZA (Bizkaia) · 94 631 55 25