Fecha de Publicación: 04/07/2013
GORBEIALDEA. (2013-07-03)- Arrakasta lortzeko gakoa elkartzea eta parte hartzea direla jabetuta,
“Gorbeialde” Landa Garapenerako Elkarteak (Arakaldo, Arrankudiaga, Igorre, Urduña, Dima, Zeberio,
Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Lemoa, Orozko, Otxandio, Ubide eta Zeanuriko udalek osatutakoa)
ekimen berritzailea abiarazi du lehen sektoreko eragileak eurak izan daitezen lehen sektorearen 2014ko
Ekintza Planaren eratzaileak.
Ildo horretan, nekazariak, abeltzainak, baso ustiatzaileak, elkarteak, nekazaritzako elikagaien enpresa
txikiak, tokiko erakundeak (udalak) eta udalerriaz gaindikoak (Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia),
denak uztartuta lanean hasi dira, Bingen Larizgoitia “Gorbeialde”ko gerenteak esan duenez, «guztion
ekarpenekin sektorearen benetako beharrizanak aintzat hartu eta eragile guztien kezka eta arazoei
erantzungo dien kudeaketa-plana eratzeko». Eta azpimarratu du sektoreko eragileen euren esperientzia
funtsezkoa izango dela «gaur egungo plangintza hobetzeko eta sektorearen garabideetan sakontzeko».
Izan ere, “Gorbeialde” Landa Garapenerako Elkarteak bere kideei -eskualdeko udalei, lehen sektoreko
elkarteei eta arloko eragileei- ematen dien zerbitzuei buruzko barne hausnarketa prozesu baten ondorioz
sortu da urteko ekintzak planifikatzeko sistema berri hau.
Zerbitzu horiek hobetzeko asmoz, kudeaketa-sistema berriaren barruan tresna berriak eta parte-hartze
foroak prestatu dituzte, sektoreko eragileek izan ditzaten informazioa konpartitzeko eta euren iritziak
plazaratzeko bideak, eta, azken finean, “Gorbeialde”ren urteko ekintza-planaren eraketan euren ekarpenak
egiteko aukera.
Diagnosi foroak
Kudeaketa-sistema berri honen ardatza lehen sektoreko mahai teknikoa da. Eskualdeko azpisektore guztiek
–nekazaritza, abeltzaintza, nekazaritzako elikagaien industria, basogintza, abere arrazen elkarteak,
udalerrietako abeltzainen elkarteak eta udalak- izango dituzte ordezkariak mahai sektorial horretan, eta
berak izango du, beste eskumen batzuen artean, urteko ekintza plana zehazteko ardura ere. Horrela ba,
ekainean zehar ekimena aurkezteko batzarrak egin dituzte azpisektore guztietan, eta bide batez aprobetxatu
egin dute azpisektore bakoitzean ordezkarien aukeraketa abiarazteko eta eragileen iritziak batu dituzte
mahai teknikora eramateko.
Lehen Sektoreko Ekintza Plana (.pdf 777,96 KB)