Fecha de Publicación: 29/09/2015
Udalerria osatzen daben zazpi kofradietako ordezkariak izango dabe taldeka jokatzen dan txapelketa horretan parte hartzeko aukerea: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek.
Taldea 4 bolarik osatuko dabe, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo dauz, eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketa hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botatzen dauan taldea izango da irabazlea eta bardinketa egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.
Aurtengo udan, bakarkako lau txapelketa jokatu dira Zeanurin: Altzuan, Ipiñan, San Juston eta San Lontzon, eta toki bakotxean sailkatu ziran lehenengo hiru bolariak jokatu eben Zeanuriko txapelketea San Lontzo bigarren egunean. Irabazlea, igazko berbera izan zan, Maximo Beitia eta bigarren eta hirugarren tokietan Eusebio Larrazabal eta Esteban Ozerinjauregi sailkatu ziran. Hiru bolari honeek kofradien txapelketan be parte hartuko dabe: Beitiak Otzerinmendigaz, Larrazabalek Ipiñaburu-Undurragaz eta Ozerinjauregik Altzuagaz.
Bola jokoa desagertzeko arriskuan
Bola jokoa Arratiako eta euskal kulturako beste hainbat gauza lez, desagertzeko arriskuan dagoala ikusiz, bultzakadatxoa emon gura deutsoe antolatzaileak txapelketeari. Gaur egun bola jokoa udan eta auzune gitxi batzuetako jaietan bakarrik jokatzen da, gazteen parte hartze txikiagaz. Beraz, desagertzeko arrisku larrian dagoan kirol herrikoi honen biziraupena eta gazteak erakartzea bilatzen dabe antolatzaileak. Juantxo Ozerinjauregik, antolatzaileen ordezkariak dinoanez, “aurten umeentzat txapelketea antolatu gura dogu, eta umeen taldeak osatzeko ahalegin bat egin behar dogu, ia animatzen diran eta gure-gurea dan kirol bateri, boleari, ez deutsogun desagertzen ixten”.
Babeslea eta laguntzailea
Kofradien arteko txapelketa hau antolatzea ezinezkoa izango litzateke erakunde eta enpresa pribatuen laguntza barik, eta Zeanuriko Udalaren babesa eta Altzustan dagoan Ellauri Hoteleko Kiloterdi jatetxearen laguntzea izango dau.
Sariak honako honeek izando dira: talde irabazleak 120 € eta kilo eta erdiko bi txuleta bere osagarriakaz bakalteko edo afaltzeko aukerea izango dau Kiloterdi Txokoan, Ellauri hotelaren jatetxean; 2. saria: 100 €koa izango da eta 3.a 80 €koa.
Txapelketea amaitu ostean, parrilladea egongo da Altzustara hurreratzen diran guztientzat, auzuneko txokoan, Altzusteko jai batzordearen eskutik.
Beraz eskuzuloak, txorra, sinka, hirukoa, txakile, zubile, txirloa, arrapea… eta beste berba batzuk entzuteko aukera izango Altzustako bolatokian urria bigarrenaren 3an, arrastiko 18:00etatik aurrera.
Kartela 2015 (.pdf 1003,21 KB)